KRISI POLITIKO, DEMOKRATIKO ETA EKONOMIKOA

 

Joan den Maiatzaren Lehenean ELAk esan zuen krisi “ekonomiko, demokratiko eta politikoa” pairatzen ari garela. Aspaldidanik saiatu gara mezu hori hedatzen, baina sistemaren komunikabideetan, publiko zein pribatu direla ere, ez du oihartzunik izan, boterearentzako desatsegina baita. Krisia ekonomikoa da, izan ere, duela hainbat urte krisi politiko eta demokratikoan murgilduta gaudelako. Bai, krisia, batetik, politikoa da. Gobernuak oro har kapitalik dirugoseenaren esanetara daude. AEBetan egin duten Inside Job dokumentalean azaltzen da kapitalak bere eskuetan nola dauzkan politikariak –errepublikano zein demokratak–, eta hauek berarentzat lana nola egiten duten. Hemen ere gauza bera gertatzen da: Nahastea dago interes publiko eta pribatuen artean; agintarien aholkulari gisa ari diren enpresaburu-batzordeek zein mundu ekonomikoko ‘adituek’ esaten dute zer egin behar den, euren onerako, eta politikak hala hartzen ditu erabakiak.

 

Politikaren hondamendia da agintzeko aukera duten indarrak ia bereizi ezinekoak izatea eredu ekonomiko eta sozialari dagokionez. PP pozarren dago ikusita ‘sozialdemokratek’ egitasmo neoliberala bete-betean ezarri eta bonzo moduan ematen diotela su beren buruari; izan ere, iparra galdu baitute, eta hauteskundeetako garaipena esku-eskura jartzen baitiote. Deigarria da gizartearen %75etik gora pentsioen erreformaren aurkakoa izanagatik Espainiako Parlamentuan diputatuen %99ak murrizketen aldeko botoa ematea.

 

Klase politikoak gizartearekin eta beronen erakundeekin harremana boletin ofizialaren bidez egiten du. Bitartean, bere burua babesteko eta kritika isilarazteko, milioiak botatzen dituzte propagandan. Ez dago inolako eztabaida sozialik. Demokrazia botoa ematearekin batera amaitzen da; boto horrekin aristokrazia berri bat eraikitzen dute. Botere politiko hau herritarrengandik urrun geratzen da eta agintekeriaz jokatzen du; zenbat eta kaskarragoa, are eta harroagoa.

 

Politikaren funtsa kapitalarentzat lan egitea bihurtu denez, krisia demokratikoa ere bada. Horregatik, parte hartzearekin zerikusia duen guztia alferrekoa da. Guzti-guztia.  Sindikatuok antzezpen batean parte hartzera gonbidatzen gaituzte, itxura hutsa den ‘elkarrizketa sozial’ delako horretara, harrapaketari onespena eman diezaiogun. ELAk duela zenbait urte esan zuen politika bakar-bakarrik botere ekonomikoarentzat lanean ari delarik guk ez daukagula zer eginik ezertarako balio ez duten egitura horietan; baina ezgauza izanik, egitura horien egitekoa politika “guztien onerako” egiten dela sinestaraztea da. Gure sindikatuak salatu zuen ‘elkarrizketa sozial’ik ez dagoela; erabakiak aldebakarrekoak direla, eta hau guztia gizartea desmobilizatzeko baliatzen dutela.

 

Beste batzurekin batera agenda sozial erreibindikatiboa plazaratu genuen. Alternatiba bazegoen, eta badago oraindik. Aurreratu genuen patronalak zukua atera nahi izango ziola botere politikoaren menpekotasunari eta langabezia tasa handiak ezartzen duen diziplinari; asmatu egin genuen. Lan handia egin beharra zegoen, hortaz, lorpen sozial eta laboralei eusteko. Maiatzaren 21eko greba orokorra deitu genuen; ekainaren  29an, erreforma laboralaren aurka, eta aurtengo urtarrilaren 27an, pentsioen erreformaren kontra. Dekalogo sozial bat egin genuen; gutxietsi zigun klase politikoari dei egin genion, manifestazioak egin genituen... Hego Euskal Herrian alternatibak eta mobilizazioak konbinatu dituen agenda taxutu da.

 

Euren erantzuna? ‘Antisistema’ garela esatea. Hala egin zuten Lehendakariak, Zabaleta sailburuak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak... ‘Antisistema’ deitzen digute ekonomiako jenderik erreakzionarioena biltzen den foroetan. Eurak bai baitira sistemakoak! Bada, hain neurrigabeak direnean, ohore bat da guretzat “sistema” horretako zati bat ez izatea.

 

Orain beste mobilizazio batzuk hasi dira sortzen. Bazen garaia! Jende arruntak, injustizia pairatzen duenak, kapitala politikari gailendu zaiola ikusten du eta, bere burua babesik gabe ikusten duenez, mobilizatu egiten da demokrazia gehiago eta beste politika batzuk eskatzeko. Hau gertatzen bada, demokrazia bizirik dago. Ez baita normala onarpen akritikoa, etsipena, gizarte axolagabea, solidaritate eza eta utzikeria. Politika –hau ere esan genuen Maiatzaren Lehenez– “oso garrantzitsua da politikarien esku uzteko”.

 

Gertakarion aurrean izan den erantzun bat nabarmendu beharra dago. Hain zuzen Lopez Lehendakariarena, mobilizazioetan “ezkutuko esku” bat ikusi baitzuen; biharamonean zuzendu eta mobilizatzen ari direnei eskatu zien  beren kezkak “Twitter bidez” helarazteko berari. Gai hau hain larria ez balitz, barre egiteko modukoa litzateke. Ezin da jendea tontotzat hartu, eta ezin gaituzte behartu hainbesteko astakeriak ikusita kaiku moduan geratzera.

 

Bada, krisi ekonomikoaren eraginak ez dira gaindituko, ez baitituzte politikak aldatu nahi. Hori lortzeko behartu egin behar ditugu. Ez dute erabaki bat bera ere hartu kapitalaren aurka. Zergak ez dituzte ukitu nahi (euskal patronalak esan du: “zergak igotzen hasi baino lehenago murrizketak egiteko aukera handia dago”); defizit publikoarentzako muga zorrotzak ezarri dituzte gizarte-gastua murrizte aldera; bankuek ez dute krediturik ematen –lukurreriazko interesekin ez bada–, Zapaterok banketxeentzako laguntza publikoak azaltzeko “kreditua mugi zedin” zirela esan arren; soldatei ekiten diete, xantaia eginez eta erreformekin (laborala, negoziazio kolektiboarena); pentsio publikoak murrizten dituzte, Botinen gozamenerako; gizarte-prestazioak gehien behar dituztenei kentzen dizkiete; hauteskunde osterako utzi dute beste murrizketa batzuren iragarpena; pribatizazioen bidez guztia negoziogai bihurtu nahi dute... Neurri hauek guztiek kalte handia egiten dute: langabezia eta solidaritate eza handiagoa. Politika hauekin ekonomia espekulatiboak irabazten du, eta honi enpleguak eta solidaritateak bost axola dio.

 

Egia da kanpoko baldintza askok ekintza sindikal eta soziala eragozten duela. Baina inoiz ez da erraza izan. Bestalde, egia da ere egoera honek lan hori egiteko aukerak ematen dituela. Kontua da lana nola egiten den. Kapitalak, eta bere bidelagun den politikak, atzeraldi sozial betean, iraganera jotzen du egungo oreka sozialak traba egiten diolako. Jo dezagun guk ere iraganera eta hel diezaiogun mugimendu sindikalaren mamiari! Hortxe baitaukagu legitimitatea eta indarra.

 

Klase politiko hori kezkatuta dago. Ez du nahi jende arrunta konturatzerik ez dutela agintzen, ez ikusterik beste inoren ordezko moduan ari direla. Eta honetaz jabetzea garrantzitsua da. Baina huts egingo genuke euren indarra eta manipulatzeko trebezia gutxietsiz gero.

 

Kontua ez da arrazoia izatea, bai baitaukagu, alternatiba ere badaukagun bezala. Auzia indar-erlazioan datza. Eta eurak beldur dira gizartearen haserreak kontrabotere-erakundeak indartuko ote dituen. Klase-sindikatu garen aldetik, eta ikuspuntu soziala aintzat hartzen duen eraikuntza nazionala aldezten dugunez, esperientzia kolektibo horiek esparru eta maila guztietan antolakunde bihurtu behar ditugu, boterea lehiatzeko gauza izango diren antolakundeak. Botere sindikala, berehalakoari erantzuteko (lan-baldintzen defentsa antolatua); botere soziala, beste batzurekin batera solidaritatearen aldeko agenda gauzatzeko, eta alderdiekiko erabateko autonomiaz, bizitza politikoaren berregite etikoan lankide izateko. Konplexurik gabe, klaseko eta abertzale den sindikatu baten balioetan oinarrituta. Gure mendeurreneko urtean.

 

Adolfo Muńoz “Txiki”

ELAko Idazkari Nagusia